Agian aspaldian ez dugu entzun zozkera hitza gure inguruan, baina Gabirian, adibidez, gaurregungo hitza ere bada eta indarrean mantentzen duten egitura.
Eta Itsason ere atzo arte halaxe zen, administratiboki kudeatzeko, egitura geografikoan oinarritua. Orain gutxi arte diogu, izan ere, honela agertzen zaizkigu erroldak egiterakoan eta baita azken herri inbertsioak Itsaso bezala egin zirenean ere ordainketak egiteko erabili zen prozeduratan: hilerria eta plazako apaiz etxearen kasuan (auzolanean egitez gain, etxe bakoitzak ekarpen ekonomikoak egin zituen eta jasota daude talonario desberdinetan, zozkeraz).
- Eztalaldea
- Mendialdea
- Goen-degi
- Madurea
- Alegialdea
Zozkera, finean, herria eremuka edo barrutika izendatzea eta kudeatzea baita. Itsason 5 izan dira dira eremu horiek, aspaldi sortuak. Adibidetarako Eztalaldea: Eztala da Areriako Alkatetza Nagusian alkateen zerrendan 1500. hamarkadan agertzen den lehenetarikoa. Etxe hau, ondare katalogatua da izan lezakeen interes arkeologikoagatik eta bere eremua zabala izango zen garai hartan, Iburretik hasi eta Okiñarriren bueltan Eztalatxiki eta Eztalaurruti etxeak ziren eta behean gaur egun ezagutzen dugun Beitik, aurretik Eztalabeiti jatorria du (Urkulegiko eskrituretan jasoa). Eta bere lurrak iparralderantz eta ekialderantz luzatuko ziren Izagirreaundi, Urteaga, Mendeun eta Albitsuondoko (Murkondo) sailetaraiano. Etxe hauen eskrituretan agertzen da: Concejo de Ichaso, Barrio de Eztalaldea.
Eta katastroan ditugun poligonoek bat egiten dute zozkerekin: esan bezala, Imiñarritik Itzalbe aldeko lur-sail guztiek Eztalaldeko etxeen jabetzakoak ziren ( eta gaur ere gehienak).
Beste adibide batzuk: zozkera bakoitzak bere bideak, urak eta auzolanak kudeatzen zituen. Eta herri osokoak zirenetan elkarrekin parte hartu.
Esate baterako, Itsason Itsusturriko ur-aska handiak Goendegikoentzat ziren eta eraikitzea ere euren kabuz egin beharrekoa, baina izan zuen kostuagatik besteen beharra izan zuten eta horregatik bere erabilera publikoa, itsasoar denentzakoa, izatera pasatu zen. Hala ere, denen artean ere, ez ziren aterpea egitera iritsi, nahiz zutoinak jarri zituzten.Zozkera bakoitza dozena bat etxe/baserrik osatzen dute eta badu zerikusia herri-bide zaharrekin eta katastroan agertzen diren poligono banaketekin ere.
Baina kuriositate gisa, oraindik Kizkitzako pagadian, zozkera bakoitzak zuen pagadi ustiaketa zatia, mugarriz zehaztua dagoela!! Denak garbi ikus litezke.
Hemen adibide bat: