Aurten laugarren auzolan eguna burutu dugu Itsason, oraingoan San Lorentzo ermitan. Besteetan bezalaxe, hogeita hamar lagunetik gora parte hartzen gogotsu. Eguraldi zoragarria eta lana oparo.
Lehengo helburua, itxitura egitea. Aspaldi ezagutu genuen hesi arrasto bat bere inguruan baina urteak dira desagertu zela eta beti egiteko-beti egiteko eta oraintxe iritsi zaio ordua. Bere mendebaldeko pareta aldetik, lehen baino tarte gehiago hartu zaio belardiari, Kamiokoekin erabilpena adostuta, nahiz eta mugarriak ez diren aldatu.
Gainerakoan bideak libre utzi dira eta kamioiak bueltatzeko ere nahiko leku. Sare berdez itxi dira hirurogei metroak eta ganadua dabilen aldetik arantzadun alanbrea ere jarri da. Oinezkoentzat metroko langa eta behar denean irekitzeko beste bi metrokoa segidan.





Kantoi harriak karez zurituta zeudela eta agerian uztea izan zen beste asmoetako bat, baita dituen leiho eta ate bakarren ingurukoak ere. Ura presioan, poliki poliki mila litroko depositua hustu arte, garbitu ziren gehienak. Izan ere S Lorentzon ez dago ez urik ez argi indarrik eta makinaria eta traste ugari behar izan zen atzoko lanetan. Hurrengo erronka ura bertaraino ekartzea eta mahaiak jarri, landareak…




Ermita inguruko sasiak aitzurrez eta hegoaldeko hesikoak desbrozatuz kendu ziren, eta paretei ere huntzak garbitu zitzaizkien.


Ez bazen dena bukatu ere, lan handia egin zen.


Auzolan honen inguruan, Gotzon Aranburu argazkilari eta kazetari ezegunak bideo grabazioa osatzen jardun zuen arratsalde osoan zehar eta zerbait edateko elkartu ginenean taldeko argazkia egin zigun:
Gaztetxoak ere ari dira auzolana zer den ezagutzen eta guztietan izan ditugu aldamenean.
Ikuntzerako freskatu zuen eta azken argazkiak atera eta Itsasoko epelera hurbildu ginen, han ere merienda prestatzen auzolanean jardundakoei jatordu goxoa estimatzera eta etortzerik izan ez zutenen ekarpenak ere dastatzera.



Aipatu bezala, Gotzon Aranburuk Goierriko Hitzan eskegi zuen bideo muntaia eta hementxe dugu ikusgai: