Kizkitzako Amabirjinaren itsasontziaren egilea: Eusebio Igartza Akizu
Atzo Eusebio Igartza hil zela jakin dugu, Donostiako bere etxean, 77 urterekin.
Urte asko generaman Kizkitzako Amabirjinaren itsasontziaren egilea zein izan ote zen galdezka. Izan ere, galdera sortu zitzaigun, Gipuzkoako ermitei buruzko argitalpen batean Goikoetxeko Joxe Iza arotzak egin zuela jartzen baitzuten eta guk bagenekien ezetz, bera ez zela izan, Joxek berak aitortzen zigun bezala (gainerako egurrezko elementu guztiak berak eginak badira ere).

Baina orduan nork egin zuen? Eta galdera honen erantzuna aurkitzerako hamaika “altxorraren bila” deszifratuko ziren!!!! ….. eta horrela urte bat pasa, bi, hiru…. orain zortzi bat urte lehen pista izan genuenetik: Kizkitzan antena berriari buruzko bilera batean Azpeitiko zinegotzi batek (Otokoak) Lazkaoko prailetan ikasten ziharduela ikusi zuela praile bat itsasontzia egiten eta berak ezagutu zuela, baina orduan kontakturik ez genuen lortu.
Eta aurten, Kizkitzako festen aurretik, han ginen igande arratsalde pasa, tabernako mila litrokoa betetzen, komunak prestatzen… eta non azaldu zen emakume bat paseoan, ia igandero bezala, eta esaten digun ezagutzen gaituela eta guk ea nor zen eta Otora ezkondua, berez Zumarragakoa. Eta, -Otokoa??? (ez genuen aukera hura galdu nahiiii!!!!) -Zinegotzi dena ezagutuko duzu, beraz? -Bai, koinatua dut (uste dugu jada ez dela zinegotzia esan zigula).
Mesede bat eskatu nahi geniola: bere koinatu horri galdetzeko Lazkaoko prailetan itsasontzia egiten ikusi zuen haren izena, mesedez. Eta, berak, baietz, eta bidaliko zigula izena Zabalegiko Lurdesen bidez (bere koinataren ahizpa baita) edo laster Kizkitzako eguna ere bazetorrela eta agian bertan…
Kizkitzako egunean ez genuen elkar topatu (baina buruan izan genuen egun guztian!), eta kasi etsita geundela, hilabetera Zabalegiko Lurdes Maiz enkarguarekin etorri zitzaigun: EUSEBIO IGARTZA eta bere etxeko telefono zenbakia. Zein ondo funtzionatzen duten koinatu-koinaten formulek! Miraria!! Mila esker!!
Etxera etorri eta sarean begiratu eta hauxe:
EUSEBIO IGARTZA AKIZU Idazlea. Osintxun jaio zen, 1937ko apirilaren 12an. 1948. urtean, Andoainen bizi zela, Lazkaoko Beneditarretan sartu zen. 1959. urtean Bedoñako Loramendi omenaldiko lehiaketan ohorezko aipamena lortu zuen “Egun txintatik arratseraño” olerkiagatik. 1960. urtean “Olerti” lehiaketako lehenengo saria lortu zuen “Alegia sorta”-rekin. Laguntzailea izan zen “Olerti”, “Karmal” eta “Jaunaren Deia” aldizkarietan.
Bere etxera deitu eta semearekin hitz egin genuen. Geratuko ginela Donostian egun batean, esango ziola aitari. Eta bitartean beste kointzidentzia bat, gure herritar bat kale berean bizi izandakoa izan eta ezagutzen. Berak eman digu hil denaren abisua, espero ez genuena, bihotzekoak eraman baitu.
Besteok ez gara ezagutzera iritsi, eta ez dugu jakin 1964. urte aldera itsasontzia egiteko nork enkargua eman zion, ezta urte haiek nola gogoratzen zituen ere, edota zein harreman mantendu izan zuen Kizkitzarekin… Baina egilea bera izan zela bai eta horrela aitortuko diogu dagokion lekuan. Gainerako galderek ere izan lezakete erantzunik… Lo importante es no dejar de hacerse preguntas (Einstein)
