Itsasoko mapari jarraiki (8,86 km2), Itsasok dituen mugak 5 tramotan bilduko ditugu, bakoitak dituen intereseko hainbat xehetasunekin. Mendebaldetik, Santa Lutzia errekak eta Zozabarro errekak bat egiten duten puntutik hasi eta Ipar aldera igo, Matximentara jeitsi eta Ekialdetik buelta osoa emango diogu. Batzutan errekak izango dira muga eta beste batzuetan harri-mugarriak. Dauden guztietatik esanguratsuenak bilduko ditugu.

Gabiriatik ateratako panoramika honetan, ezkerretik hasita, Madurea, erdialdean Goendegi eta, eskuin aldean, Eztalaldea gehiena ikus ditzakegu. Eta oinetan Alegialdea. Mendiz bestaldera beste zozkera bat geratzen da: Mendialdea. Eta Matximenta auzoa.

1) Zozabarro-Aiztondo

Gure itzulia, esan bezala, Maduratik hasiko da. Santalutzia (edo Argixao) eta Zozabarro errekek bat egiten duten puntuan (zentral elektrikoaren alboan) Itsaso, Ezkio eta Gabiria arteko mugan.


Ezkiorekin duen mugak Ipar alderantz Zozabarro errekari segitzen dio, lehenbizi autobide azpitik pasa eta Iparragirren oroigarria Itsaso aldetik utziz.

Izan ere, Jose Mari Iparragirre (Urretxu 1820, Itsaso 1881) hor bertan zegoen Zozabarrotxiki taberna inguruan hil zen (zentrala egiteko bota zena).
Zozabarro errekak jarraitzen du muga markatzen: poligono industrialak, Zabalegi (errota ere baduena), Barrene, Orue (errotarekin hau ere), Kataindegi, Zubitain (perratokia), Kamioetxeberri eta Ariolako sailetaraino. Zozkera honetan beste ondare nagusia S Lorentzo ermita dugu, sustrai handikoa gure herrian.






Eta Ariolako gainera iritsi da muga. Bertan mugarria dago eta zozkera osoa goitik behera ikus liteke:

Koordenadak: 560.192,08 4.770.980,74
Puntu honetan Kizkitzatik Izazpira doan bidean aurkitzen gara, ekialdera Ariolagaina mendia bere txabolarekin, Kizkitza ikusten dela.
Eta eskuin aldera, bidean aurrera beste 100 m egin behar dira, mendiz bestaldera egiteko ez baita zuzenean jeisten hasten. Aiztondo gaineraino joan behar da, ehizeko 22. postua dagoenera, bi herrien arteko muga topatzeko.
Koordenadak: 560.060,12 4.771.041,13
2) Aiztondo-Txarantxoro- Altzorbegaina-Matximenta
Aiztondo medi gainetik, alertze artean behera lehenbizi egin eta erreka sorburua antzematen da, Txarantxoro erreka izango dena. Alde bakoitzak bere bidea du goitik beheraino, alde banatako sailetara iristeko.
Errekatxoak erreka mardulagoarekin (Ibai-eder) bat egiten duen puntuan (Txarantxoroetxeberri izan zenaren lekutik gertu), beherantz jarraitzen du mugak, errekarekin bat. Aurrerago, erreka gurutzatu eta Txarantxoro baserrirantz igotzen hasten den arte.
Bertara iritsi gabe, azpialdetik Mugarri izeneko lekuan herri-mugarria agertzen da, handi eta zabal.

Esan bezala, Txarantxorora igo gabe, zeharka jarraitzen du bidezidorrak
Altzorbegaineko mendietara.
Gain guztian zehar mugarri ugari dago, herri-mugak eta sailen arteko mugak berberak baitira. Alde batean Itsasoerrotako sailak eta bestaldean Ezkioko baserrietakoak. Hona hemen irudi batzuk:
Altzorbegainetik zuzenean Matximentako errekak elkartzen diren 4 herrietako mugarrira egin behar da bidea. Zurtoinaren lau aldeek letra bana dute:
Y Itsaso, E Ezkio, A Azpeitia eta B Beasain. Garai batean eginikoa, oraindik Itsaso Y grekoz idazten zenean.
