Ekainaren 26an, eguerdiko 12:00ak aldera Bidea 2016 egitasmoan 14. etapa egiten ari ziren 100 bat lagunei Kizkitza gainean harrera egin genien. Ordurako prestatuta genituen Arrobiatik gorako malda erdian instalazio artistikoa, hausnarketa eta erreakzio askoren iturri izateko.
Eta baita nahi zuenarentzat, mokadutxoa egiteko aukera ere. Iritsi ahala erretegira hurbildu edo norberak bere motxilari tira eginez, indarrak hartu zituzten, banderola jarri eta hogei minutura Kizkitzari buruzko azalpena eskaini genien: kokapena, itsasoarekin lotura, Murumendiko Estazio Megalitikoa, lehen ermita, Kofradia, 1934ko gaurregungo proiektua eta honen errepresentazioa, erre zenekoa, auzolanean berreraikitzea, itsasargia, Eusebio Igartzaren itsasontzia, Joxe Izaren aingura eta via crucis-a, Nazario maizen Done Jakue bideko maskorra eta, bukatzeko, Laura Esteveren margolana. Eta Laura donostiarra izanik, eta bide hau egiten hainbat donostiar, harriduraz eta pozez harremandu gintuen berriro ere hiriburuarekin. Berriz bere bisita jasotzeko bideak ireki genituen. Gure esker ona!
Eta agurtu aurretik honako ipuin hau irakurriz, gogoetarako ekarpena egin eta jasotzeko gonbitea jaso zuten.
“Ardiak eta belarra” Joxe Arratibel
Behin artzain batek atera zuen bere artaldea larrera, oso belar ona zegoen toki batera, eta ardiei esan zien:
– Larre ona daukazue gaur, eta nahikoa jandakoan, etorri etxera.
Iluntzean etorri ziren ardiak etxera eta nagusiak galdetu zien:
– Nahikoa jan al duzue?
– Batere ez dugu jan -erantzun zioten ardiek-.
– Zer bada?
– Jaten hasten ginen bakoitzean, «aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago» esaten zigun belarrak, etaaaa… egun guztian ibili eta ibili, ez dugu ezertxo ere jan.
– Ez zarete tonto txarrak- esan zien artzainak- ; hurrena hori esaten dizuenean, «bertan goxo» esan eta bertan gelditu zaitezte nahikoa jan arte.
Hurrengo egunean joan ziren berriz ere ardiak larretoki on hartara, eta belarra hasi zitzaien esanez:
– Aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago…
Baina oraingoan ardiek erantzuten zuten:
– Bertan goxo, bertan goxo…
Iluntze hartan nahikoa janda itzuli ziren etxera.
Garai hartan gauza guztiek zekiten hizketan: belarrek, sasiek, arbolek eta animaliek ere bai. Bakar bakarrik goroldioak ez omen zekien. Beste gauza guztiak bildu ziren goroldioari hizketan irakatsi behar ziotela-ta, eta irakasten hasi zirenean denak mutututa gelditu omen ziren. Horregatik geroztik gauza horiek denek ez dute gehiago hizketan egiten.
Batzuk esaten dute oraindik ere ardiek eta belarrak hitz egiten dutela elkarrekin. Ardiak lanera ateratzen direnean, belarrak esaten omen die:
– Aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago… Ardiak ibiltzen dira pixka batean batetik bestera, eta azkenean «beeee, beeee…» eginez, bertan gelditzen dira.
Beeee, beeee… horrek «bertan goxo, bertan goxo» esan nahi omen du.