AUZOLAN EITB KIZKITZA

“Auzolan” EITBko programa Kizkitzan

Maiatzaren 28an, koordinazio eta prestaketa lan ugariren ostean,  udazkenean EITBk aireratu nahi duen programa berri baten atal bat Kizkitzan grabatu zen.auzolan

Berez  grabaketak bezperan goizean goiz hasi ziren, hainbat herritarrekin aurreko asteetan egon ondoren, euren gidoiari erantzuten zioten lekuak, lanbideak, ardurak, pertsonak…topatu eta zehaztu ondoren.

Bi egun osoko ordu askotako grabazioak gerora ordubeteko programa bihurtuko dira. Grabazio material eta baliabide izugarriarekin joan dira hartan aldiberean aritu diren bi produkzio-taldeak. Hamabi langile desberdin ezagutu ditugu prozesu honetan, ekoizpen, errealizazio, zuzendari, aurkezle-aktore, kamara… eta telebistan hain erraz igarotzen diren minutu horien bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen konturatu gara nolabait.

Itsasoarroi  aurreikusia geneukan aurtengo bigarren auzolana gauzatzeko aukera desberdin bat eskaini zaigu eta besteetan baino konplexuagoa izan bada ere, poza izan da amaierako sentsazio partekatua. Geure arteko  lankidetza giroa  eta  EITBkoekin izan duguna ere arrastoa uzten duenetakoa izan da.

Eta Kizkitzan beti ikusten ditugu hobetu ditzakegun alderdiak. Izan ere, hain goian kokatua dagoen eraikuntza batek mantenimendu lan ugari izan ohi ditu eta, bestalde, hain bisitatua izateak ere, erosotasun eta zerbitzu aldetik erne egotea eskatzen du.

Sei lan-taldeetan banatu ginen eta beste hainbeste lan eremu zehaztu, baita ardurak ere: koordinatzailea, material arduraduna, eginkizun zehatzena, laguntzaileak..

  • Antenatik gorako bidezidorrean mailak egitea, Oriko sailean zegoen egur-akazia bezperan zerratu ondoren.
  •  Inguru guztiko belarra ebaki eta bildu.
  •  Ermitak kanpotik lehen zuen kolore urdina berreskuratu, aurrealdeko paretan, zein leiho eta ate guztietan.
  •  Bi tranpaletan hobekuntzak barandatan. Gabiriako Arrondori ere eskerrak ematen dizkiogu tranpale baterako materiala doainik prestatu digulako.
  • Igeltseritza lana atzealdeko pretiletako koxkak konponduz eta komuneko teilatua berrituz.
  • Itsasargiari led lanpara berria ezartzea.
  • Hamaiketakoak ere arduradunak izan zituen eta Mandubiko Bentatik igo zen bazkaria banatzeko ere bai. Ogia Goitiko Luismarirena, sagardoak eta sagar-zukuak ere herrikoak…

Eta amaiera ere benetan polita izan zen: EITBk Itsasoko herriari, Auzolan programa egiten laguntzeagatik, eskainitako oparia. Pott Keramikari enkargatutako kokapen plaka Kizkitzako itsasasgiaren oinetan jarri zuen Ibon Gaztañazpik. Gure oroimenerako, mila esker denoi!