Bolatokiak

22 bolalekuen aztarnak Itsason

Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolaleku edo bolatokiekin ekin diogu. Zergatik? Sekulako jakinmina sortu zitzaigulako orain bizpahiru urte Kizkitzako egunean, mahaiaren inguruan bazkaltzen ari zirenen artean, errenkadan  bata bestearen atzean  bolatoki askoren izenak bota zituztenean eta mahaia estaltzeko paperezko mantelean idatzi genituenean.

mapa-22

Harriduraz galdetzen genien: hainbeste? benetan?  Guretzat aurkikuntza bat izan zen bolatea hain zabaldua zela jakitea… eta aurten etxez etxe galdetu eta 22en aztarnak topatu ditugu. Ikaragarria denontzat. Norberak herriko ezagunenak jakiteaz gain bere etxe ingurukoak baitakizki.

Herri guztia dantzan jarri eta Itsasoko festetan bi aurkezpen ekitaldi eskaini genituen Mendeungo Anttonik, Egiluzeberriko Jose Ramonek eta Urteagako Pilarek. Ekitaldi horietatik testigantza gehiago eta ikerketa zabalagoak eratorri ziren eta udazkenean amaitutzat eman badugu ere, gerta liteke beste aztarnaren bat agertzea. Hori horrela ematen bada, honi erantsita doan lana berrikusi eta eguneratuko dugu.

Bolatoki bakoitzari fitxa bat egin diogu bere kokalekua, egoera eta hainbat datu bilduz. Lan hau testigantzak eman dizkigutenei eta herriko etxe guztietakoei urte amaierarako banatuko diegu. Eta beste edonork ere hemen du aukera:

Egin klik deskargatzeko

Hona hemen bolatokiak ezagutu edota bola jokoan ikusle izan edota bolatan jardundakoen  testigantza emale izan ditugunak. Gure esker ona guztiei.

Albitsubeheko Prontxio Mujika
Alustizaeneako Pablo Gómez
Armaindegiko  Maria Luisa Irastorza
Astigarretako Otegiko Joxe Arrospide
Atingoenako Esteban Mendia
Atinzabalgo Zoilo eta Ramon Albisu
Atsusaingo Maria Goitia, Matias Arza eta Bittori Garcia
Beitiko Joxe eta Joxe Ramon Barrenetxea eta Genara Toledo
Egiluzeko Maria, Isaac eta Juan Mari Aldanondo
Egiluzeberriko Joxe Ramon Aranburu eta Maria Jesus Aldanondo
Egizabalgo Antonio Zufiria
Erraztiko Agustin Albisu
Goeneko Migel Arzelus
Goiko Ostatuko Juani Izagirre eta Erraztiko Kaio Iraeta
Iburko Joxe Angel  Badiola
Intxaurzelaietako Jose Luis Irastorza
Kamioetxeberriko Juan Zufiria
Kattaindiko Martin Telleria
Kortako Leandro Lizarazu
Mandubiko Bentako Presen Lasa
Mandubizaharreko Juanito eta Rosa Etxaniz
Mendeungo Jexux Okariz
Oriako Joxepa Usabiaga eta Ixa Atienza
Orueko Juanita, Malen, Juan Mari eta Feli Gorrotxategi
Sarriegiko Juan Mari Arzelus
Uribarko Joxe Osinalde eta Miren Etxeberria
Urkulegiko Joxe Agustin eta Mari Karmen Barrenetxea
Urteagako Joxe eta Maxi Mujika
Zozabarrotxikiko Joxe Antonio Ugarteburu
Zabalegiko Pako, Juantxo eta Martin Etxeberria eta Lurdes Maiz

Testigantza guzti horiez gain, toponimia, argazkiak, material aztarnak, 1954ko ortofotoetako ebidentziak, … eskura izan ditugu Itsasok izan zituen 21 bolatokiren aztarnak  identifikatu ahal izateko.

Argazkirik garrantzitsuena Mandubiko bentan, 1926an, ateratako hau,  Mandubiko Bentakoek eta Mandubizaharrekoek eskainia. Bertan bolatoki estaliaz gain, bola sorbaldara altxatuta Mandubizaharreko Joxe Antonio agertzen zaigu.

mandubia-bolatokia

Ezkerretik eskuinera: ezezaguna, ezezaguna, Joxe Agustin Etxaniz (Kamiñoenekoa), ezezaguna; Joxepa Aretxabaleta Intsausti 1914-2000 (Mandubi-zaharrekoa); Presentación Lizarazu (Mandubiko bentakoen amona,  Martin “Exkerra”ren ama); apaiza (ezezaguna);  Joxe Inazio Intsausti (Astigarretako Otegikoa); Martin Makazaga “Ministroa” (Dorronsotegikoa); Felipe Mujika (Mandubiko bentakoa , mando gainean);  Joxe Lasa Mujika “Exkerra”(Mandubiko bentakoa); Joxe Antonio Aretxabaleta (Mandubi zaharrekoa , herriko alkate izandakoa) eta Astigarretako apaiza.

itsasoko-bolea

Eta materialaren artean Goiko Ostatuko bolea izan da protagonista berezia. Jasota dute bertako familia izandako Izagirretarrek eta Itsasoko aurkezpenean esku artean gozo ibili zuten gaztetan berarekin jokoan ibiliak zirenak.

Oraindik oso egoera onean, nahiz 50 urte inguru izango dituen geldirik.

Bolatokiren bat berpizteko gogoa ere egin zaigu askori. Zeinek daki! Hainbat herritan hasia da indartzen berriro ere.. .