Laster argitaratuko da Itsasok berriro Udalerri izaera berreskuratzeko Foru Dekretua. Aste honetan izan liteke. Asteburuan, Itsasoko Udaletxeko altzariak zirenetako batzuk berriro bere tokira ekarri eta txukundu ditugu udal aretoak hornitzen hasiz.
Itsasoaren urdina hosto zahar artean nola,
ager dadila bizi-berria Herri honen bihotzean
Bi areto altzariekin, bata Kontzeju zaharreko mahaiarekin eta bestea 1962an Udal Areto berri honetarako propio egin zirenekin . Gogoratu Udaletxe berri hau 1962an inauguratu zela eta bi urte eta erdira itxi. Dituen hiru saloiak egoera onean kontserbatzen dira eta bertantxe izango dugu Udaletxea berriro.
Udal batza biltzeko gunea
Eta hau da betidaniko Itsasoko Udaleko Mahaia. Goiko Ostatu Zaharrekoa (Kontzeju etxekoa). Irailaren 18an egin genuen Herri-kontsultarako ekarri genuen berriro Itsasora. Gure ikurretako bat da. Itsasoko udala berriro eratzeko lehen Osoko Bilkura ere honen inguruan burutuko da.
Eta honekin batera, Kontzeju Zaharreko armairu eta baita diru-arka ere dena (5 giltza-sarrail dituena), berriro Itsason da!