Asteartea izan da aurten irailaren 8a eta eguraldia paregabea. Edariak eta janariak agortzeko adinakoa. Baina batez ere hainbeste jendek agortu ditu. Itsasoko ostalari berriarentzat “espektakularra” izan da ikusi dutena, lehenengo aldiz Kizkitzan.
Goizeko irudiak lehenengo: zelaiean meza eta segidan dantza, Balzola anaiekin eta dantzari leialak, etengabe egun osoan.




Eta aurtengo sorpresak toka eta fardo jaurtitzea izan ziren. Itsasoko festetan jendea tokan asetzen ez denez festa batzordekook Kizkitzan beste aukera bat sortzea pentsatu genuen eta primeran joan zen. Adin guztitako neska, mutil, ume… partehartzaile bihurtu eta jendea txalo eta animo! bina tirada bakoitzak eta lau aldiz jo zuen bakarra Gabiriako Landetako Iker Peñagarikano. Eta Itsason Juan Luisek egiten duen gazta saritzat!




Jarraian fardo jaurtiketa. Itsason lehen aldiz S Bartolometan probatu genuen eta berebiziko interesa sortu zuenez, Kizkitzara eraman genituen tramankuluak. Hamabi kiloko fardoa sardaz zeinek gorago. Zumarragako Urruztiko Mikel Zabaleta izan zen bigarren gaztaren garaile. Jendeak ikusmin handiz jarraitu zuen froga:




Zazpietan bukatu zen jokua eta dantzan jarraitu, kontu kontari… eta beheranzko bideak hartu: batzuk Mandubira, beste batzuk Ezkiora, Ormaiztegi aldera, eta bertakook Itsasora, bertan afalduz egunari amaiera ematera. Egunak utzitako irudiak buruan eta ezpainetan. Pozgarria.