Eguraldiagatik ere, jendea fin. Kizkitzaren erakarpena ez dago eguzki, euri edo haizearen baitan. Sakonagoa eta errotuagoa da. Askotan eguraldia egiten dugu arduradun nagusi halako edo bestelako emaitzaren arrazoi…baina jakinik ere batzurentzat benetako oztopo izan badela, gehienentzat ez da arrazoi nahikoa.
Lanbroak igoerako bideak oso aldrebestu zituen, baina helduenek aukera izan zuten antenaraino kotxez igo eta Auzolanean (EITBn irailaren 11n botako dute, iluntzeko 22:00etan) egindako eskaileraratik goraino iristeko. Esker ona agertu zuten hainbatek, egindako lanagatik. Baita aitortza egin ere, meza eman zuen Juan Kruz Mendizabal ormaiztegiarrak. Aurten baseliza barruak bete ziren jendez eta kanpotik ere aterkipean jarraitu beste batzuk. Meza alaia inondik ere, aho soinu, txistu, elkarrizketa, txalo eta broma.
Eta tabernarien lana, gora eta behera garraio lanetan aritzen direnena, baseliza zaintzen eta garbitzen, ura jartzen edo barterrak garbitzen, kanpaia jotzen duela konpontzen, meza laguntzen… eta datozenen diru ekarpena, mezak emanez, baselizaren zaintzarako edo Kizkitzako postalak erosiz… jende guztiaren elkarlan giro pozgarria.
Aurten Baltzola trikitilariak Unai Andonegi panderojolea izan zuen lagun.Eskerrik asko urtero egiten duzuen lan bikainagatik, egun osoan Kizkitzan eta gauez Itsason.

Eguerdian aterpetara ezkutatu zen jendea bazkaltzera, baita ermita barrura ere. Kanpoan ez zen giro mahaietan otordua egiteko.

Eta arratsaldean ez zuen giro hoberik egin baina berriro animatu zen jendea eta dantza eta toka parean (54 tiratzaile) aritu ziren, txanoak jantzita. eta jada berandututa fardoa botatzen probatzera animatu ziren bertan geratzen ziren batzuk eta Urretxuko Agerreko Iñaki Sasietak bota zuen altuen!!