Kizkitza

Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin eta 1622an eraikia izan zen. Aipagarria da Kizkitzako ermitak izan duen garrantzia historian zehar. Honen lekuko Clemente XIII Aita Santuak 1767an Kizkitzako Kofradiaren kideei eman zien “jubileo perpetuo” delakoa.
1959ko abenduaren 28an baseliza suak erabat hondatu zuen, baina itsasoarrek 1962an Kizkitzako baseliza berriro auzolanean eraiki zuten eta Arrosarioko amabirjinaren irudia jarri zen, Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzi baten gainean. Goikoetxeko Jose Izak hainbat artelan gehitu zizkion eta Laura Estevek atzeko paretako margolana.
Itsasoar eta inguru zabaleko beste askorentzat Kizkitzako gain honek duen esanahia aparta da, belaunaldiz belaunaldi jasoa eta hurrengoei erakutsia. Oriko Ixa Atienzak olerki hau eskaini dio:

KIZKITZA
ZURE BILA ABIATU GARA,
BIDEAN, MENDIAN, MALDAN,
ZURE IZENEKO BASELIZA OMEN,
ALDAPAN, AKABERAN, PUNTAN.

ITSASOKO ARGIA,
DUZU ZURE BIZKARREAN,
KANPANDORREA, BERRIZ,
PLAZAREN AURREAN.

EZ ZAUDE BAKARRIK, EZ,
GURE AMA MAITIA,
ADEITASUNEZ JANTZIA,
ALDAMENEAN DUZU TA PAGADIA.

BARRUAN, HANTXE, UMIL,
ITSASO LEHOR HAU ZEHARKATUZ,
ZURE TXALUPA GAINEAN,
GURE SENTIMENDUAK, ZAINDUZ.

ANDRAMARI EGUNA AITZAKI,
ZAHAR, GAZTE TA UME,
MAHAIAREN INGURUAN TRIPONTZI,
SENAR-EMAZTE, ANAI-ARREBA, XUME.

TRIKITIXAREN DONUEEI SEGIZ,
JANA KONTUTAN, TREBE,
EUSKALDUN IZATEA ZER DEN,
JANA, DANTZA TA KAFE.
BAITA EMOZIOZ,
LAGUN ZAHARRAK AGURTU ERE,
EZIN BAITA UTZI,
URTERO BIXITA EGIN GABE.

GUREKIN ZAUDELA BADAKIGU,
BIHOTZEAN ZAITUGU ETA,
ZURE TXOKOA HEMEN DUGU,
ZAINDU GAITZAZU BADA.