22 bolalekuen aztarnak Itsason

Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolaleku edo bolatokiekin ekin diogu. Zergatik? Sekulako jakinmina sortu zitzaigulako orain bizpahiru urte Kizkitzako egunean, mahaiaren inguruan bazkaltzen ari zirenen artean, errenkadan  bata bestearen atzean  bolatoki askoren izenak bota zituztenean eta mahaia estaltzeko paperezko mantelean idatzi genituenean.

mapa-22

Harriduraz galdetzen genien: hainbeste? benetan?  Guretzat aurkikuntza bat izan zen bolatea hain zabaldua zela jakitea… eta aurten etxez etxe galdetu eta 22en aztarnak topatu ditugu. Ikaragarria denontzat. Norberak herriko ezagunenak jakiteaz gain bere etxe ingurukoak baitakizki.

Herri guztia dantzan jarri eta Itsasoko festetan bi aurkezpen ekitaldi eskaini genituen Mendeungo Anttonik, Egiluzeberriko Jose Ramonek eta Urteagako Pilarek. Ekitaldi horietatik testigantza gehiago eta ikerketa zabalagoak eratorri ziren eta udazkenean amaitutzat eman badugu ere, gerta liteke beste aztarnaren bat agertzea. Hori horrela ematen bada, honi erantsita doan lana berrikusi eta eguneratuko dugu.

Bolatoki bakoitzari fitxa bat egin diogu bere kokalekua, egoera eta hainbat datu bilduz. Lan hau testigantzak eman dizkigutenei eta herriko etxe guztietakoei urte amaierarako banatuko diegu. Eta beste edonork ere hemen du aukera:

Egin klik deskargatzeko

Hona hemen bolatokiak ezagutu edota bola jokoan ikusle izan edota bolatan jardundakoen  testigantza emale izan ditugunak. Gure esker ona guztiei.

Albitsubeheko Prontxio Mujika
Alustizaeneako Pablo Gómez
Armaindegiko  Maria Luisa Irastorza
Astigarretako Otegiko Joxe Arrospide
Atingoenako Esteban Mendia
Atinzabalgo Zoilo eta Ramon Albisu
Atsusaingo Maria Goitia, Matias Arza eta Bittori Garcia
Beitiko Joxe eta Joxe Ramon Barrenetxea eta Genara Toledo
Egiluzeko Maria, Isaac eta Juan Mari Aldanondo
Egiluzeberriko Joxe Ramon Aranburu eta Maria Jesus Aldanondo
Egizabalgo Antonio Zufiria
Erraztiko Agustin Albisu
Goeneko Migel Arzelus
Goiko Ostatuko Juani Izagirre eta Erraztiko Kaio Iraeta
Iburko Joxe Angel  Badiola
Intxaurzelaietako Jose Luis Irastorza
Kamioetxeberriko Juan Zufiria
Kattaindiko Martin Telleria
Kortako Leandro Lizarazu
Mandubiko Bentako Presen Lasa
Mandubizaharreko Juanito eta Rosa Etxaniz
Mendeungo Jexux Okariz
Oriako Joxepa Usabiaga eta Ixa Atienza
Orueko Juanita, Malen, Juan Mari eta Feli Gorrotxategi
Sarriegiko Juan Mari Arzelus
Uribarko Joxe Osinalde eta Miren Etxeberria
Urkulegiko Joxe Agustin eta Mari Karmen Barrenetxea
Urteagako Joxe eta Maxi Mujika
Zozabarrotxikiko Joxe Antonio Ugarteburu
Zabalegiko Pako, Juantxo eta Martin Etxeberria eta Lurdes Maiz

Testigantza guzti horiez gain, toponimia, argazkiak, material aztarnak, 1954ko ortofotoetako ebidentziak, … eskura izan ditugu Itsasok izan zituen 21 bolatokiren aztarnak  identifikatu ahal izateko.

Argazkirik garrantzitsuena Mandubiko bentan, 1926an, ateratako hau,  Mandubiko Bentakoek eta Mandubizaharrekoek eskainia. Bertan bolatoki estaliaz gain, bola sorbaldara altxatuta Mandubizaharreko Joxe Antonio agertzen zaigu.

mandubia-bolatokia

Ezkerretik eskuinera: ezezaguna, ezezaguna, Joxe Agustin Etxaniz (Kamiñoenekoa), ezezaguna; Joxepa Aretxabaleta Intsausti 1914-2000 (Mandubi-zaharrekoa); Presentación Lizarazu (Mandubiko bentakoen amona,  Martin “Exkerra”ren ama); apaiza (ezezaguna);  Joxe Inazio Intsausti (Astigarretako Otegikoa); Martin Makazaga “Ministroa” (Dorronsotegikoa); Felipe Mujika (Mandubiko bentakoa , mando gainean);  Joxe Lasa Mujika “Exkerra”(Mandubiko bentakoa); Joxe Antonio Aretxabaleta (Mandubi zaharrekoa , herriko alkate izandakoa) eta Astigarretako apaiza.

itsasoko-bolea

Eta materialaren artean Goiko Ostatuko bolea izan da protagonista berezia. Jasota dute bertako familia izandako Izagirretarrek eta Itsasoko aurkezpenean esku artean gozo ibili zuten gaztetan berarekin jokoan ibiliak zirenak.

Oraindik oso egoera onean, nahiz 50 urte inguru izango dituen geldirik.

Bolatokiren bat berpizteko gogoa ere egin zaigu askori. Zeinek daki! Hainbat herritan hasia da indartzen berriro ere.. .

Itsasoko Udalerako ordezkariak

Azaroaren 6a, igandea. Hiru ordutan 110 itsasoarrek parte hartu dute Itsaso berriro udalerri izateko Foru Aldundiak dekretua argitaratzen duenerako, Udala kudeatzeko ordezkariak hautatzen. Egun lasaia eta lagunkoia oso. Talde handi baten elkarlana. Eta denon iritzia garrantzitsua dela dakien herria. Zein pozgarria babes horren bermea!

img-20161106-wa0022

Honela, aurreko asteetako lanaren ondorioz, bosteko taldea aurkeztu zen, eta herritarren ia erabateko babesa jaso du:

Gorka Sasieta Barrenetxea

Joxemari Barrenetxea Aldanondo

Anttoni Okariz Gorrotxategi

Maixabel Olanga Zabala

Xabier Elgarresta Mintegi

Ondorioz, Foru Aldundiari talde honen proposamena egingo zaio, ontzat eman dezan.

miryamek-aterata

Itsasoko Udala osatzeko bozketa

ITSASOKO UDALERAKO ORDEZKARIAK AUKERATZEKO BOZKETA  2016ko azaroaren 6an izango da.

herri-batzarra-argazkiaAzken Herri Batzarrean, urriaren 28koan, aurreko asteetan lantalde zabal batek landutako proposamenak aurkeztu eta landu ziren:

1.- Itsasoko Udalaren kudeaketa herritarrengandik gertutasunean, begirunean, gardentasunean eta partaidetzan oinarritzea.

2.- Honetarako Batzorde Kudeatzailea osatzeko  egokitzat jotzen diren irizpide hauek kontutan hartzea:

  • Azken urte eta erdian udalean parte hartu duten zinegotzien ezagutza eta jarraikortasuna.
  • Lehendik udalean esperientzia izandakoen parte-hartzea.
  • Herriko eremu/zozkera desberdinetakoak izatea eta etxe bakoitzetik bakarra.
  • Ahal dela, adin eta belaunaldi guztiak ordezkatuak izatea.
  • Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna egotea.
  • Prestakuntza eta ibilbide anitzez lantaldea aberastea.

3.- Irizpide hauek kontuan hartu eta prest dauden pertsonen borondatea uztartuz, talde bezala, hautagaitza hau aurkeztea:

Gorka Sasieta Barrenetxea

Joxemari Barrenetxea Aldanondo

Anttoni Okariz Gorrotxategi

Maixabel Olanga Zabala

Xabier Elgarresta Mintegi

4.- Era berean, hau aurkeztearekin batera, Itsasoarrok askatasun osoz hautagaitza hau babesteko edota beste herritar batzuei bozka emateko aukera, azaroaren 6an gauzatzea.

5.- Eta bozketa egunerako hartu ziren erabakiak honako hauek dira:

–     Eguna: azaroaren 6a, igandea

                 –     Lekuak: Itsasoko Udal Aretoa eta Alegiako Elkartea

  • Ordutegia: 10:30-13:30. Jarraian kontaketa irekia  mahai bakoitzean. Azken emaitza Itsasoko Aretoan izango da.

6.- Bozka emateko Itsason erroldatutako 16 urtetik gorakoek eskubidea izango dute.

%74 BAI Itsaso berriro Udalerri

Igandea, 2016ko irailaren 18a. Goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00etara 139 itsasoar 18 urtetik gorakoak Nahi al duzu berriro Itsaso udalerri izatea? galderari erantzuna ematen. Itsasoko Kontzejuko mahai zaharra itzuli da bere jatorrira eta bere gainean gauzatu da, historikoa den herri galdeketa hau.

Guztira 119k iritzia eman ondoren (%85,6), jendaurreko kontaketa Foru Aldundiko Iñaki Elizegiren eskutik. Partaidetza bikaina eta emaitza ere bai. Hona hemen Foru Aldundira Udaletik bidalitako ziurtagiria:

Eskerrak itsasoar guzti guztioi!!! Gure herri honek /herritarrok merezi du/dugu hainbeste eta pausoa eman dugu elkarrekin aurrera egiteko.

Gure oroimena jada gure artean ez zaudetenoi eta egun honekin amets egiten zenutenoi. Baita kanpoan bizi zareten itsasoarroi ere, zuen atxikimendua  guztiz garrantzitsua izan zaigu. Eta hainbesteri, zuen aupadak ere indar bihurtu ditugu askotan behar izan ditugunean. Eta prozesua zuzen eramaten eta oinarri sendoak jartzen lagundu digun Juan Landari gure aitorpena eta esker ona, zinez!

Eta hainbat erakunderi eta kontsulta egunean babesa ematera etorritakooi (Foru Aldunditik Imanol Lasa eta Ainhoa Aizpuru diputatuak, Partaidetzarako zuzendaria Joseba Mujika), Batzarkide ugariri, Ezkio-Itsasoko Udalekoei, herri eta auzo txikietatik iritsitako mezuei, adiskide on guztioi…  adostasunean eta ekitatean denontzako etorkizun oparoa  Itsaso Bherria Talde Eragilea osatzen dugunon aldetik.

20160828_134351-1

Zergatik berriro Itsaso udalerri?

Irailaren 3ko Itsasoko Herri Batzarrean ITSASOk zergatik berriro Udalerri izaera berreskuratu behar duen jasotzen dituen arrazoi nagusiak landu ziren. Bost arrazoi esanguratsuenek honela diote:

20160903_194035-1

1. ITSASOk udalerri izateko eta bere burua administratzeko eskubidea duelako, bere nortasuna, historia eta lurraldetasunagatik.

2.Desanexio  akordioa alde guztien arteko kontsentsu eta lankidetzan oinarritu delako: Itsaso, Ezkio, Udala, udal langileen ordezkarien artean eta Foru Aldundiaren babesarekin.

 3. Birsortuko diren bi udalerrientzat (ITSASO eta EZKIO) ekonomikoki onuragarriagoa delako eta  kudeaketa hurbilagoari esker, guztion ongizatea hobetuko delako.

4. Ikuspegi parte-hartzaile eta demokratikoak lehenetsiz, hain garrantzitsuak diren zerbitzu publikoak  kudeatzeko GAITASUN eta BORONDATE sendo bat dagoelako.

5.Itsasoren garapena ziurtatzeko eta belaunaldi guztiak  kalitatezko inguru batean bizitzeko aukera izateko.

Irailaren 18ko kontsultan 18tik gorako Itsason erroldatuek, aukera izango dute honen inguruko iritzia emateko. Nahi duzu berriro Itsaso udalerri izatea?

20160918_093430

Kizkitzako eguna 2016

Eguraldiagatik ere, jendea fin. Kizkitzaren erakarpena ez dago eguzki, euri edo haizearen baitan. Sakonagoa eta errotuagoa da. Askotan eguraldia egiten dugu arduradun nagusi halako edo bestelako emaitzaren arrazoi…baina jakinik ere batzurentzat benetako oztopo izan badela, gehienentzat ez da arrazoi nahikoa.

Lanbroak igoerako bideak oso aldrebestu zituen, baina helduenek aukera izan zuten antenaraino kotxez igo eta Auzolanean  (EITBn irailaren 11n botako dute, iluntzeko 22:00etan) egindako eskaileraratik goraino iristeko. Esker ona agertu zuten hainbatek, egindako lanagatik. Baita aitortza egin ere, meza eman zuen Juan Kruz Mendizabal ormaiztegiarrak. Aurten baseliza barruak bete ziren jendez eta kanpotik ere aterkipean jarraitu beste batzuk. Meza alaia inondik ere, aho soinu, txistu, elkarrizketa, txalo eta broma.

Eta tabernarien lana, gora eta behera garraio lanetan aritzen direnena, baseliza zaintzen eta garbitzen, ura jartzen edo barterrak garbitzen, kanpaia jotzen duela konpontzen, meza laguntzen… eta datozenen diru ekarpena, mezak emanez, baselizaren zaintzarako edo Kizkitzako postalak erosiz… jende guztiaren elkarlan giro  pozgarria.

Aurten Baltzola trikitilariak Unai Andonegi panderojolea izan zuen lagun.Eskerrik asko urtero egiten duzuen lan bikainagatik, egun osoan Kizkitzan eta gauez Itsason.

20160908_180036

Eguerdian aterpetara ezkutatu zen jendea bazkaltzera, baita ermita barrura ere. Kanpoan ez zen giro mahaietan otordua egiteko.

img-20160908-wa0010

Eta arratsaldean ez zuen giro hoberik egin baina berriro animatu zen jendea eta dantza eta toka parean (54 tiratzaile) aritu ziren, txanoak jantzita. eta jada berandututa fardoa botatzen probatzera animatu ziren bertan geratzen ziren batzuk eta Urretxuko Agerreko Iñaki Sasietak bota zuen altuen!!

Itsasoko festak 2016

Azken urteotan bezalaxe, argazkiz jantziko dugu orrialde hau, irudi batek hitz askok baino gehiago adierazten duela esaten baita.

Aurtengoa 5 egunetako egitaraua izan dugu eta ondo beteak, jai hauetan asko izaten baitugu partekatzeko eta ospatzeko. Baina aurreko asteak ere bikainak izaten dira, prestaketa lanetan, belaunaldi guztiak buru belarri. Gure gaztetxoentzat primerako udalekuak, jaialdia prestatzen, herri-kiroletan eta pilota-expressen parte-hartzeko entrenatzen, karpa montatzen laguntzen, mendi bizikleta trabesia markatzen edo garbitzen (eta probatzen), ongietorria emateko pankarta margotzen, herriko produktuekin sariak antolatzen..

Itsasoko plazak festetarako ikuspegi zoragarria eskaini ahal izan  du, etxe berriekin batera hartu duen itxuratua ederra izan baita eta denen ahotan pozez goraipatua.

 

 

Eta abuztuaren 23an, arratsaldeko seietan eman zitzaien hasiera, pilota express-arekin elizatarian izagurritako beroarekin. Beroa izan da festetan lagun, aspaldian baino indartsuago. Ikusleak itzala bilatu ezinik…baina pilotariak fin asko…

Eta iluntzeko kanpai eta atxaferoen ondoren Herri-afaria karpapean, 100 heldu inguru eta 21 gaztetxo alboko mahaian. Dagoeneko Itsasok 24 ume eta gazte ditu, 18 urtetik beherakoak. Eta afaria laguntzen Miren Amuriza eta Aitor Sarriegi bertsolariak eta Altzorbe eta Larrañaga trikitilariak.

Eta S Bartolome eguna mezarekin goizeko 11:00etan hasi zen eta aurtengo berrikuntza Itsasoko lau gaztek korala lagundu dutela beren musika tresnekin. Xabier Barriolaren zuzendaritzapean entsaio batzuk tarteko, amaierako kantuek bertaratutako guztiak abesten eta txaloka jarri zituzten.

Eta segidan ohi bezala hamaiketakoa karpapean, familia ugariak mahai inguruan elkartuta. Eta denbora askorik galdu gabe, Ostatu gaineko saloietan Itsasok izan zituen bolatokiei buruzko azterlanaren aurkezpena. Laster inprimatuko den 21 bolatokiren aztarnen emanaldia digitalean aurkeztu zuten Mendeungo Anttonik eta Urteagako Pilarek, Egiluzeberriko Jose Ramonek lagunduta. Ondare txikiaren elementu arkitektoniko honen ezaugarriak eta funtzioak 36 elkarrizketaturen testigantzatik jaso dira eta honelakoxea izan da ere emandako fruitua. Aurrerago blog honetan ere argitara emango da ikerketa hau. Hurrengo igande eguerdian ere aurkezpena berriz gauzatu zen eta guztira 100en bat itsasoarrek ezagutu ahal izan zuten bolajokuak hartzen zuen dimentsioa.

Bazkal aurretik Toka Lehiaketa ere ezinbestekoa izaten da plazan. Ideia bat ematen du partaide kopuruak, aurten 44. Bero aparta eta jendea itzaletik.

Arratsalde partea ere egitarau bete betearekin eta jendetza izugarriarekin igaro zen: ume jolasak  eta Ituiño magoa. Umeek jolasik freskoenak eta “narratsenak” aukeratu zituzten, ondo pasatzeko gustokoenak dituztenak. Aukera zabala baitzuten itsasoar gazteak prestatuta aukeran eskaintzeko…

Imanol Ituiño magoak pasa arazi zuen ordubete pasatxoko saioa gogoan izango dute han barre algaraz gozatu zutenak. Balorazio aparta izan zuen Irratitik ezaguna zaigun mago gazte honek.

Afari mokadua egin eta Skaleak taldearen kontzertua gazte koadrila galantaren sasoia erakutsiz gauerdira arte.

Hurrengo eguna atseden piska bat hartu eta asteburua ondo antolatzeko beharrezkoa izan zen. Izan ere, ostiralean arratsaldeko lauretan hasita Mus Txapelketa jokatu zen eta lehen saria Amezketako Lurdes Tolosa eta Juan Migel Loidik eraman zuten. Bigarrena, Ormaiztegiko Noelia Cuerva eta Josu Arranz-ek eta, hirugarrena, Zumarragako Iñigo Fernández eta Mikel Gil-ek. Zorionak!

Jarraian zahagi-ardoa eta sagardoa txotxetik eta gurekin Mairu-rock talde gasteiztarra. Iñaki Garitano Telleria taldekidearen ama Kattaindegiko Pilar izaki, emozioz beteriko saioa izan zen berarentzat eta, bide batez, guztiontzat. Esker mila bihotzez!20160826_224554

Larunbata, abuztuak 27, festetako izarretako bat Mendi Bizikleta trabesia izaten da eta jada beteranoen maila hartua du, 13. edizioa izan baita. Beroak gogor lagundu zuen eta horregatik edo, punta-puntakoek lehenbailehen bukatzeko edo, ordu terdi azpitik bukatu zituzten 22 kilometroak. Bestalde, herriko gaztetxoenak taldean hasi dira animatzen eta ibilbidearen zati bat batzuk, dena bakarren batek… herriko produktuak zozketatu ziren eta txirrindulariak eskertzen dute antolakuntza guztia. Irabazleak gizonezkoetan Aitor Padrini (Tolosa), Galder Azkue (Oñati) eta Egoitz Segurola (Azpeitia). Emakumezkoetan Itsasoko Jaione Sasieta. Lehen herritarra Gorka Sasieta.

Eta trabesia bukatzerako bikote batzuk (7) untxia saltsan prestatzen hasi ziren, paellak  (9 bikote) baino denbora gehiago behar baitu goxatzeko. Beti bezala, sekulako giroa, kolorea, usaina… Eta 9ak alderako dena prest epaimahaiak baloratzeko. Aurten Ostatuko Manu sukaldariarekin batera, Sarriegiko Maite eta Goitiko Luis Mari.

img-20160827-wa0012

Afaltzeko mahaien inguruan jarrita 200 lagun inguru eta sariak ematearekin bat denon artean banaketa.

Lehen saria paella modalitatean Atinbarreneko Izaskunek eta Ormaiztegiko Ainitzek lortu zuten, eta aurreko urteetan paellan irabazle izandakoak, aurten untxia saltsan prestatzen: Luis Anjel eta Maixa!

20160827_214531

Eta oraindik gauak luzerako jo zuen: Itsaso Gaztearen jaialdia lehenik eta Iruñeako Ortzadar taldearekin dantzan gero.

20160827_230931 20160827_234016

Eta azken eguna, igandea, abuztuaren 28a. Lehenik 11:00etan urteroko hilerriko meza, itsasoarrak azken 60 urtez batzen dituen topagunea da. Horregatik festek jarraipen hau izaten dute igande eguerdian amaiera emanez.

Segidan, gorago aipatu bezala, ondareari buruzko aurkezpena berriro ere, S Bartolome egunean parte hartzerik izan ez zutenentzat:

screenshot_2016-09-07-14-43-23

Eta festei bukaera emateko herri kirol saioa, herritar askoren partehartzearekin, neska, mutil, etorri berri, ume, botillero…jendea behetik zein elizataritik gustura halako elkartasuna zorionduz.

20160828_134351-1

This slideshow requires JavaScript.

Amaierako argazkia eta Kizkitzako egunera arte!

20160828_140930

Bidea2016 Kizkitzatik

Ekainaren 26an, eguerdiko 12:00ak aldera Bidea 2016 egitasmoan 14. etapa egiten ari ziren 100 bat lagunei Kizkitza gainean harrera egin genien. Ordurako prestatuta genituen Arrobiatik gorako malda erdian instalazio artistikoa, hausnarketa eta erreakzio askoren iturri izateko.

Eta baita nahi zuenarentzat, mokadutxoa egiteko aukera ere. Iritsi ahala erretegira hurbildu edo norberak bere motxilari tira eginez, indarrak hartu zituzten, banderola jarri eta hogei minutura Kizkitzari buruzko azalpena eskaini genien: kokapena, itsasoarekin lotura, Murumendiko Estazio Megalitikoa, lehen ermita, Kofradia, 1934ko gaurregungo proiektua eta honen errepresentazioa, erre zenekoa, auzolanean berreraikitzea, itsasargia, Eusebio Igartzaren itsasontzia, Joxe Izaren aingura eta via crucis-a, Nazario maizen Done Jakue bideko maskorra eta, bukatzeko, Laura Esteveren margolana.  Eta Laura donostiarra izanik, eta bide hau egiten hainbat donostiar, harriduraz eta pozez harremandu gintuen berriro ere hiriburuarekin. Berriz bere bisita jasotzeko bideak ireki genituen. Gure esker ona!

Eta agurtu aurretik honako ipuin hau irakurriz, gogoetarako ekarpena egin eta jasotzeko gonbitea jaso zuten.20160626_121704

“Ardiak eta belarra”  Joxe Arratibel

Behin artzain batek atera zuen bere artaldea  larrera,  oso belar ona zegoen toki batera, eta ardiei esan zien:
– Larre ona daukazue gaur, eta nahikoa jandakoan, etorri etxera.
Iluntzean etorri ziren ardiak etxera eta nagusiak galdetu zien:
– Nahikoa jan al duzue?
– Batere ez dugu jan -erantzun zioten ardiek-.
– Zer bada?
– Jaten hasten ginen bakoitzean, «aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago» esaten zigun belarrak, etaaaa… egun guztian ibili eta ibili, ez dugu ezertxo ere jan.
– Ez zarete tonto txarrak- esan zien artzainak- ; hurrena hori esaten dizuenean, «bertan goxo» esan eta bertan gelditu zaitezte nahikoa jan arte.
Hurrengo egunean joan ziren berriz ere ardiak larretoki on hartara, eta belarra hasi zitzaien esanez:
– Aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago…
Baina oraingoan ardiek erantzuten zuten:
– Bertan goxo, bertan goxo…
Iluntze hartan nahikoa janda itzuli ziren etxera.
Garai hartan gauza guztiek zekiten hizketan: belarrek, sasiek, arbolek eta animaliek ere bai. Bakar bakarrik goroldioak ez omen zekien. Beste gauza guztiak bildu ziren goroldioari hizketan irakatsi behar ziotela-ta, eta irakasten hasi zirenean denak  mutututa  gelditu omen ziren. Horregatik  geroztik  gauza horiek denek ez dute gehiago hizketan egiten.
Batzuk esaten dute oraindik ere ardiek eta belarrak hitz egiten dutela elkarrekin. Ardiak lanera ateratzen direnean, belarrak esaten omen die:
– Aurrera eta goxoago, aurrera eta goxoago… Ardiak ibiltzen dira pixka batean batetik bestera, eta azkenean «beeee, beeee…» eginez, bertan gelditzen dira.
Beeee, beeee… horrek «bertan goxo, bertan goxo» esan nahi omen du.

 

 

 

 

“Auzolan” EITBko programa Kizkitzan

Maiatzaren 28an, koordinazio eta prestaketa lan ugariren ostean,  udazkenean EITBk aireratu nahi duen programa berri baten atal bat Kizkitzan grabatu zen.auzolan

Berez  grabaketak bezperan goizean goiz hasi ziren, hainbat herritarrekin aurreko asteetan egon ondoren, euren gidoiari erantzuten zioten lekuak, lanbideak, ardurak, pertsonak…topatu eta zehaztu ondoren.

Bi egun osoko ordu askotako grabazioak gerora ordubeteko programa bihurtuko dira. Grabazio material eta baliabide izugarriarekin joan dira hartan aldiberean aritu diren bi produkzio-taldeak. Hamabi langile desberdin ezagutu ditugu prozesu honetan, ekoizpen, errealizazio, zuzendari, aurkezle-aktore, kamara… eta telebistan hain erraz igarotzen diren minutu horien bakoitzaren atzean zenbat lan dagoen konturatu gara nolabait.

Itsasoarroi  aurreikusia geneukan aurtengo bigarren auzolana gauzatzeko aukera desberdin bat eskaini zaigu eta besteetan baino konplexuagoa izan bada ere, poza izan da amaierako sentsazio partekatua. Geure arteko  lankidetza giroa  eta  EITBkoekin izan duguna ere arrastoa uzten duenetakoa izan da.

Eta Kizkitzan beti ikusten ditugu hobetu ditzakegun alderdiak. Izan ere, hain goian kokatua dagoen eraikuntza batek mantenimendu lan ugari izan ohi ditu eta, bestalde, hain bisitatua izateak ere, erosotasun eta zerbitzu aldetik erne egotea eskatzen du.

Sei lan-taldeetan banatu ginen eta beste hainbeste lan eremu zehaztu, baita ardurak ere: koordinatzailea, material arduraduna, eginkizun zehatzena, laguntzaileak..

  • Antenatik gorako bidezidorrean mailak egitea, Oriko sailean zegoen egur-akazia bezperan zerratu ondoren.
  •  Inguru guztiko belarra ebaki eta bildu.
  •  Ermitak kanpotik lehen zuen kolore urdina berreskuratu, aurrealdeko paretan, zein leiho eta ate guztietan.
  •  Bi tranpaletan hobekuntzak barandatan. Gabiriako Arrondori ere eskerrak ematen dizkiogu tranpale baterako materiala doainik prestatu digulako.
  • Igeltseritza lana atzealdeko pretiletako koxkak konponduz eta komuneko teilatua berrituz.
  • Itsasargiari led lanpara berria ezartzea.
  • Hamaiketakoak ere arduradunak izan zituen eta Mandubiko Bentatik igo zen bazkaria banatzeko ere bai. Ogia Goitiko Luismarirena, sagardoak eta sagar-zukuak ere herrikoak…

Eta amaiera ere benetan polita izan zen: EITBk Itsasoko herriari, Auzolan programa egiten laguntzeagatik, eskainitako oparia. Pott Keramikari enkargatutako kokapen plaka Kizkitzako itsasasgiaren oinetan jarri zuen Ibon Gaztañazpik. Gure oroimenerako, mila esker denoi!

Herri mugak

Itsasoko mapari jarraiki (8,86 km2), Itsasok dituen mugak 5 tramotan bilduko ditugu, bakoitak dituen intereseko hainbat xehetasunekin. Mendebaldetik, Santa Lutzia errekak eta Zozabarro errekak bat egiten duten puntutik hasi eta Ipar aldera igo, Matximentara jeitsi eta Ekialdetik buelta osoa emango diogu. Batzutan errekak izango dira muga eta beste batzuetan harri-mugarriak. Dauden guztietatik esanguratsuenak bilduko ditugu.

mapa IZENEKIN

Gabiriatik ateratako panoramika honetan, ezkerretik hasita, Madurea, erdialdean Goendegi eta, eskuin aldean, Eztalaldea gehiena ikus ditzakegu. Eta oinetan Alegialdea. Mendiz bestaldera beste  zozkera bat geratzen da: Mendialdea. Eta Matximenta auzoa.

 

gabiriatik

 

1) Zozabarro-Aiztondo

madurea aiztondoraino

 

Gure itzulia, esan bezala, Maduratik hasiko da. Santalutzia (edo Argixao) eta Zozabarro errekek bat egiten duten puntuan (zentral elektrikoaren alboan) Itsaso,  Ezkio eta Gabiria arteko mugan.

WP_20150721_13_30_16_Pro WP_20150721_13_35_40_Pro

Ezkiorekin duen mugak Ipar alderantz Zozabarro errekari segitzen dio, lehenbizi autobide azpitik pasa eta Iparragirren oroigarria Itsaso aldetik utziz.

WP_20150721_13_34_43_Pro

Izan ere, Jose Mari Iparragirre (Urretxu 1820, Itsaso 1881) hor bertan zegoen Zozabarrotxiki taberna inguruan hil zen (zentrala egiteko bota zena).

 

Zozabarro errekak jarraitzen du muga markatzen: poligono industrialak, Zabalegi (errota ere baduena), Barrene, Orue (errotarekin hau ere), Kataindegi, Zubitain (perratokia), Kamioetxeberri eta Ariolako sailetaraino. Zozkera honetan beste ondare nagusia S Lorentzo ermita dugu, sustrai handikoa gure herrian.

WP_20150721_13_39_57_Pro WP_20150721_13_42_02_Pro WP_20150721_13_46_08_Pro WP_20150928_18_45_48_Pro 20170806_190552 20170806_191104

Eta Ariolako gainera iritsi da muga. Bertan  mugarria dago eta zozkera osoa goitik behera ikus liteke:

IMG_5491

Koordenadak: 560.192,08     4.770.980,74

Puntu honetan Kizkitzatik Izazpira doan bidean aurkitzen gara, ekialdera Ariolagaina mendia bere txabolarekin, Kizkitza ikusten dela.

Eta eskuin aldera,  bidean aurrera beste 100 m egin behar dira, mendiz bestaldera egiteko ez baita zuzenean jeisten hasten. Aiztondo gaineraino joan behar da, ehizeko 22. postua dagoenera, bi herrien arteko muga topatzeko.

Koordenadak: 560.060,12                 4.771.041,13

2) Aiztondo-Txarantxoro- Altzorbegaina-Matximenta

Aiztondo medi gainetik, alertze artean behera lehenbizi egin eta erreka sorburua antzematen da, Txarantxoro erreka izango dena. Alde bakoitzak bere bidea du goitik beheraino, alde banatako sailetara iristeko.

Errekatxoak erreka mardulagoarekin (Ibai-eder) bat egiten duen puntuan (Txarantxoroetxeberri izan zenaren lekutik gertu), beherantz jarraitzen du mugak, errekarekin bat. Aurrerago, erreka gurutzatu eta Txarantxoro baserrirantz igotzen hasten den arte.

Bertara iritsi gabe, azpialdetik Mugarri izeneko lekuan herri-mugarria agertzen da, handi eta zabal.

IMG_5401

Esan bezala, Txarantxorora igo gabe, zeharka jarraitzen du bidezidorrak

Altzorbegaineko mendietara.

Gain guztian zehar mugarri ugari dago, herri-mugak eta sailen arteko mugak berberak baitira. Alde batean Itsasoerrotako sailak eta bestaldean Ezkioko baserrietakoak. Hona hemen irudi batzuk:

Altzorbegainetik zuzenean Matximentako errekak elkartzen diren 4 herrietako mugarrira egin behar da bidea. Zurtoinaren lau aldeek letra bana dute:

Y Itsaso, E Ezkio, A Azpeitia eta B Beasain. Garai batean eginikoa, oraindik Itsaso Y grekoz idazten zenean.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

3) Matximenta-Egurtze-Kanteralde-Mandubia

4) Mandubia-Arriarango urtegia- Imiñarri-Errobizabal-Aizpuru-Arane

5) Arane-Alegia-Zozabarro